PORTUGALETEKO LEHIAKETAN SARITUA
Berri on batekin nator gaurkoan. Aurten lehenengo aldiz hartu dut parte Portugalete Uri Urena komiki lehiaketan eta Euskarazko autore onenaren accesita jaso dut «Aitari» izeneko lanagatik. Harro eta pozik nago errekonozimendu honegatik, aitari sari batekin egin nahi bait nion omenalditxoa. Garrantzitsua zen niretzat oso, eta begira, lortu dut. Beraz sari hau zuretzako, aita!
Azken sarreretan komiki lehiaketen inguruko alde positibo eta negatiboak aipatzen ari naiz, eta Portugaleteko lehiaketa ez da libratuko. Aipagarria da lehiaketa honen XXVII. edizioa dela, Euskal Herrian dagoen lehiaketarik adintsuena delarik, eta sari kopuru handiena banatzen duena, bai sari desberdinengatik, baita diru kopuruagatik ere. Nabari da Portugaleten diru faltan ez daudela eta inbertitzen dela kultur arloan. Sari banaketak «flipatua» utzi ninduen; Musika banda bat zuzenean telesail zaharren soinu bandak interpretatzen; finalista eta nominatuak aurkezten zituzten bideoen proiekzioa OSCAR sarien tradizio onenean; tuperwarea betetzeko moduko lunch-a handik pasatzen zen edonorentzat… Xarma askoko zeremonia. Eta aurrekontu handikoa!
Oso polita.
Zein da orduan alde iluna?
EUSKERA.
Aurkezpen osoa, abestiak, bideoak… dena gazteleraz. Ta ni hantxe nengoen, saria jasotzera igotzen nintzenean NIK euskeraz egingo nuela konbentzituta. Hala esan nion amari ere. NIK euskeraz! Azken finean EUSKARAZKO autore onenaren saria jasoko dut, ezta? Ba NIK euskeraz!
Ba ez. Eszenatokira igo orduko aurkezleak, euskaldunberria bera, euskeraz hitzegiteko esfortzua egin zuen, hori bai, baina hirugarren esaldirako «si no te importa hablaremos en castellano para que todos nos entiendan» bat askatu ta akabo. Ez zidan euskaraz hitz bat ere esateko aukerarik eman.
Prestatua nuen speech-a botatzeko aukerarik ere ez zidan eman gainera, ez niri eta ez inori!
Aipagarria iruditzen zait Euskal Herritik kanpoko partehartzaileen kopuru izugarria ere. Sarien gehiengoa Bartzelona aldera joan zen. Eskerrak lehenengo saria gasteiztar batek irabazi zuen. Eta euskaraz gainera! Zorionak beraz.