Marrazkilaria – Ilustratzailea
Izen handiko lehiaketa da Portugaletekoa, eta joan den urtean euskerazko komiki onenaren accesita jaso banuen, aurten bigarren sari nagusia eskuratu dut Apustua lanarekin. 161 lan aurkeztu dira lehiaketara, Euskal Herria eta Espainiaz gain, Argentina, Txile, Portugal edo Italiatik etorriak. Harro sentitzeko moduko errekonozimendua da beraz.
Joan den mende hasieran Euskal Herriko edozein baserritan girotutako istorio txikia da Apustua-n kontatzen dena, harri-jasotzaile eta apustuen munduan murgildurikoa. Bertan Elizaldeko Morroskoari egin beharko dio aurre protagonistak, baina neskatila misteriotsu batek emandako indarraz baliatuko da Gorka gaztea apustua irabazi ahal izateko.
Lanean jarraitzeko sekulako bultzada suposatzen du sari honek, eta eskertzekoa da. Lehiaketaren akatsa ordea, joan den urtean bezalaxe, Euskeran datza. Berriz ere sari banaketa osoa gazteleraz egin zen, baita euskarazko komiki onenaren saria banatzerakoan ere, eta protagonismo txikia dute euskaraz aurkeztutako lanek.
Horretaz gain, primeran iruditzen zait Gidoi Onenaren accesit bat banatzea… baina noizko marrazki onenaren accesita?
Ia lau urteren ondoren, berriz ere haur ipuin baten ilustrazioak egiten aritu naiz. Iñaki Zubeldiaren Kanguruak zootik ihesi ipuina udara aldean argitaratuko da Ibaizabal argitaletxearen eskutik.
Alemaniako zoo batetik ihes egiten duten hiru kangururen istorioa da hau. Azeri baten eta basurde baten laguntza jasoko dute kanguruek, eta baita inguruko herri batetako haurrena ere. Benetako gertaera batetan oinarritutako ipuin bat da hau, izan ere, mundu osoko prentsan agertu baitzen azeri batek eta basurde batek kanguruei zootik ihes egiten lagundu zienaren notizia.
Hainbat urtez ia esklusiboki komikiak marrazten ibili ondoren oso atsegina egin zait beriz ere haurrentzat marrazkiak egitea. Eskerrrak, beraz, Iñakiri eta Ibaizabal argitaletxeari nigan pentsatzeagatik eta aukera berri hau emateagatik.
Hemen da III. REKALDE-ORTZADAR komiki lehiaketa eta berriz ere onenen artean aukeratuak izan dira nik aurkeztutako bi lanak. Pozik, beraz.
Lehenik eta behin ZORIONAK Jon Mikel Udakiola herrikideari, bera izan baita irabazlea Txorimaloa lanarekin. Aupa Hernani!
Saria Piedad Ruiz de Urbinarekin banatu behar izan du, nire ustetan justua izan ez dena, lehiaketa hau euskarazko sormena bultzatzeko topagune bat baita, eta barakaldoarrak hitzik gabeko lan batekin irabazi du, ekitaldian eskerrak ere gazteleraz eman zituelarik.
Baña tira… xenofobotzat har ez nazaten, behin kaka botata, gai hori alde batera utziko dut.
Ohorezko saria Erein argitaletxeak eraman du merezimendu osos 1977an hasi eta 30 urtez IPURBELTZ komiki-aldizkaria argitaratzeagatik. Zorionak zuei ere eta mila esker bide airekitzeagatik.
Maila ederra lan aukeratuen artean eta zailtasun ekonomikoen gainetik euskal komikiaren (eta komikilarion) beste festa berri bat aurtengoa ere. Jon Mikelek argi utzi du marrazkilariak ez garela ez idazle eta ez esatari, eta kasu gehienetan kameren argiek min egiten digutela ilunpeko banpiroak bagiña bezala, baña hor dago gure lana.
Eskerrak berriz ere lehiaketa hau posible egiten dutenei, eta Iñaki Mendizabali batez ere, jo ta fuego ibiltzen baita aurrekontu eskas batekin malabareak egiten.
Lan aukeratuen erakusketa Abenduaren 8rarte egongo da ikusgai Bilboko Rekalde aretoan, ikusi nahi duenaretntzat. Sarrera dohan.
Peru Abarka album lehiaketan froga egin dut oraingoan, eta badugu jada irabazlerik! Berriz ere, azken sei bat urteotan bezala, emakume bat izan da irabazlea. Lehiaketa honetan ez dago neskekin ahal duenik! Sentsibilitate desberdinagatik edo, mutilek oso zaila daukagu dirudienez. Tira, datorren urtean saiatu beharko dugu berriz ere… Zorionak beraz LEIRE SALABERRIAri.
Ni nere aldetik nahiko pozik nengoen aurkeztutako lanarekin, eta beraz, hementxe uzten ditut adibide batzuk.
Berri on batekin nator gaurkoan. Aurten lehenengo aldiz hartu dut parte Portugalete Uri Urena komiki lehiaketan eta Euskarazko autore onenaren accesita jaso dut «Aitari» izeneko lanagatik. Harro eta pozik nago errekonozimendu honegatik, aitari sari batekin egin nahi bait nion omenalditxoa. Garrantzitsua zen niretzat oso, eta begira, lortu dut. Beraz sari hau zuretzako, aita!
Azken sarreretan komiki lehiaketen inguruko alde positibo eta negatiboak aipatzen ari naiz, eta Portugaleteko lehiaketa ez da libratuko. Aipagarria da lehiaketa honen XXVII. edizioa dela, Euskal Herrian dagoen lehiaketarik adintsuena delarik, eta sari kopuru handiena banatzen duena, bai sari desberdinengatik, baita diru kopuruagatik ere. Nabari da Portugaleten diru faltan ez daudela eta inbertitzen dela kultur arloan. Sari banaketak «flipatua» utzi ninduen; Musika banda bat zuzenean telesail zaharren soinu bandak interpretatzen; finalista eta nominatuak aurkezten zituzten bideoen proiekzioa OSCAR sarien tradizio onenean; tuperwarea betetzeko moduko lunch-a handik pasatzen zen edonorentzat… Xarma askoko zeremonia. Eta aurrekontu handikoa!
Oso polita.
Zein da orduan alde iluna?
EUSKERA.
Aurkezpen osoa, abestiak, bideoak… dena gazteleraz. Ta ni hantxe nengoen, saria jasotzera igotzen nintzenean NIK euskeraz egingo nuela konbentzituta. Hala esan nion amari ere. NIK euskeraz! Azken finean EUSKARAZKO autore onenaren saria jasoko dut, ezta? Ba NIK euskeraz!
Ba ez. Eszenatokira igo orduko aurkezleak, euskaldunberria bera, euskeraz hitzegiteko esfortzua egin zuen, hori bai, baina hirugarren esaldirako «si no te importa hablaremos en castellano para que todos nos entiendan» bat askatu ta akabo. Ez zidan euskaraz hitz bat ere esateko aukerarik eman.
Prestatua nuen speech-a botatzeko aukerarik ere ez zidan eman gainera, ez niri eta ez inori!
Aipagarria iruditzen zait Euskal Herritik kanpoko partehartzaileen kopuru izugarria ere. Sarien gehiengoa Bartzelona aldera joan zen. Eskerrak lehenengo saria gasteiztar batek irabazi zuen. Eta euskaraz gainera! Zorionak beraz.
Asko zor diet, bai, komiki lehiaketei, eta eskerrak eman dizkiet antolatzaileei aurreko sarreran.
Baina ikusi ditut ere oso kritikagarriak iruditzen zaizkidan jarrera edo ekintzak, sutan jartzen nautenak, eta horren salaketa egiteko aprobetxatu nahi dut tartetxo hau.
Txikitik handira edo, hobe esanda gertutik urrunera, ekingo diot hurrengo sarreratan:
Joan berri den urtean Ibarrako GALTZAKOMIK lehiaketan hartu nuen parte. Oso harro nengoen egindako lanaz eta onenen artean aukeratua izateko esperantza handia nuen. Desilusio handia hartu nuen beraz horrela ez zela jakitean, eta kiroltasunarekin hartu beharrean Sari Banaketan aurkeztu nintzen nirea baino hobeak ziren lan haiek ikusteko asmoz.
Egia zen. Lehen eta bigarren sarituak oso komiki politak ziren, istorio politekin eta marrazki erakargarriekin. Onartu behar nuen nireak baino hobeagoak zirela. Horraino dena ondo…
«Malaletxea» aipamen bereziaren saria ematerakoan iritxi zen. Saritua (Izenik ez dut emango, noski) eta sari emailea (antolatzale eta epaimahaiaren kidea zena) brometan hasi ziren esanez, elkarrekin lan egiten zutela eta nolatan ez zioten berari lehen saria eman. Epaimahaikideak barre artean erantzun zuen egia esanda ez zuela komikia ulertu, eta sarituak aitortu zuen komikiaren orri bat eskaneatzea ahaztu zitzaiola eta orri hori gabe entregatu zuela komikia lehiaketara…
Zer? Benetan? Broma izango da… Komikiari orri bat falta zaio… epaimahaikoek ez dute komikia ulertu… ETA AIPAMEN BEREZIAREN SARIA EMATEN DIOTE??? Eta gainera han ginen guztiei barre egiten digute esanez elkarrekin lan egiten dutela?
Jajaja…
Ostia… disimulu pixka bat mesedez!!!
Hurrengoan gaehiago…
Haurtzaro osoa komikiak marrazten pasa ondoren, Arte Ederren fakultatean utzi nion profesional izateko fantasia horrekin amets egiteari. Nire inguruan zebilen jendea ni baino askoz ere trebeagoa zen marrazketan eta haiek ere ez zuten aukera handiegirik izango komikien munduan lan egiteko. Garai hartan erabaki nuen ipuin eta liburuen ilustrazioekin saiatzea, aukera gehiago zegoela ematen baitzuen, eta halaxe izan zen. 10 urte eman nituen ia komikirik marraztu gabe. Hernaniko Kronikan hilean behin argitaratzen dudan tiratxoaz gain ez dut kontakturik izan komikiekin hamarkada honetan… krisia iritxi zen arte.
10 urtez ilustrazioaren munduan lan egin ondoren, krisia iritxi zen, eta harekin batera lan aukeren gutxiagotzea; eta beraz denbora libre pila! Komiki lehiaketekin saiatzea erabaki nuen orduan, ordu libreak betetzearren ezer baino gehiago. 2011ean bi lehiaketetan hartu nuen parte, biak ere lehen aldiz antolatzen zirenak. Lehenengoan Iko KUTXAKULTUR KMK LEHIAKETAn ez nuen inongo arrakastarik izan. Egia esan ez nuen lehiaketaren planteamentua ongi ulertu, eta entsegu huts batean geratu zen hura. Baina bigarrena, Igo REKALDE-ORTZADAR KOMIKI LEHIAKETA irabazi egin nuen! Hura bai ezustea! Sekulako sorpresa hartu nuen, bai, baina orduan lan irabazleari beste begi batez begiratu nion. Orduan konturatu nintzen zenbat ikasi nuen komikirik marraztu gabe pasa nituen 10 urte haietan; zenbat lagundu zidan ilustrazioari dedikatzeak. REKALDE-ORTZADAR komiki lehiaketa irabazteak komikietara dedikatzeko grina esnatu zuen niregan berriz ere eta oraingoan gutxieneko maila bat banuela jakitearen konfidantzaz. 2012. urtean lau lehiaketatan hartu dut parte, eta saririk irabazi ez dudan arren onenen artean aukeratua izan naiz haietako bitan. GAZTEZULO aldizkariak komiki bat enkargatu dit, RUMBLE!! aldizkariak nahi dudan komiki guztiak argitaratuko dizkidala esan dit eta XABIROI aldizkariak nire proposamen bat onartu du…
Eskerrak eman behar dizkiet beraz barru-barrutik, hainbeste traba eta zailtasun ekonomikoen gainetik 9. artea bultzatzen duten lehiaketak eta aldizkariak antolatzen jarraitzen duten guztiei, aitzaki perfektua ematen baitigute komikizale eta komikilarioi etxean ezerezean egon beharrean arkatza eta tintari kaña emateko eta, batez ere, nire txikitako maitalearekin, komikiak marraztearen ilusioarekin, topo egin dudalako berriz ere.
Arazo tekniko eta eraso piraten ondorioz desagertuta ibili ondoren, hemen gaude berriz ere. Eta etapa berriari ongietorria emateko albiste on bat: XABIROI aldizkariak nire komiki bat argitaratuko du Ekainean. Rumble!! eta Gaztezulo aldizkarietan publikatu izan ditut lanak baina aspalditik nenbilen Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen aldizkari honen atzetik! Ea gauzak horrela jarraitzen duten denboraldi berri honetan!